XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Correos-ek ez du posta baserrietara eroaterik gura

Baserrietara ez da gutunik iristen; horixe da Arrasateko baserritar gehienen kexua.

Bizilagun guztiek daukate postaz bidaltzen dizkietenak etxean bertan jasotzeko eskubidea, baina baserri-auzoetan bizi direnekin ez da betetzen gutxieneko zerbitzu hori.

Bedoña, Udala edo Uribarriko baserritarrek arazo izugarriak dituzte berei dagozkien kartak eta abarrak jasotzeko.

Gehienek posta-kutxatilak dauzkate irekita postetxean, 2.000 PTA ordaintzen dute urtean, eta pertsonalki jaitsi behar dute herrira, kutxatila hustera.

Bedoñako kasuan, kutxatila kolektiboa daukate postetxean, eta handik pertsona batek eroaten ditu kartak Bedoñako tabernara, bertan baserri bakoitzak bere buzoia daukanez.

Gesalibar eta Garagartzan, ordea, ez dute arazo hau, auzo-postari bat baitaukate aspalditik (baina bi urte barru jubilatuko da).

Auzo alkateek sarritan azaldu diote beren kexua Correos-i, baina honek eskaini dien guztia buzoi-kaseta batzuk jartzea izan da.

Erguinen adibidez, Udala eta Uribarriko baserrietarako kaseta bat dago, baina honekin ez da gauza handirik konpontzen: urrin geratzen da, eta kasetak lapurreta edo erasorako aproposak dira (irailean gertatu dira eraso kasu batzuk).

Bedoñarako antzerako irtenbidea proposatu du Correosek, kaseta bat jarri herri irteeran; baina auzo-alkateak ez du hori onartzen eta posta Bedoñako tabernara bertara igo diezaietela eskatzen du, buzoiak bertan badauzkatenez.

Udaleko auzoetako batzordetik auzia konpontzen saiatu dira Correosekin, baina beren esku ez dagoela erantzun diete Arrasaten.

Ondoren, Gipuzkoako posta-agintaritzara jo du Isabel Zuazubiskar auzoetarako zinegotziak, baina erantzunaren zain daude.

Posta etxean jasotzeko eskubidea legeak zehazten duenez, Arartekoarengana joatea da udaletxean aztertzen ari diren beste aukera bat.

Udala eta Uribarriko baserrietarako buzoiak nahiko deskuidatuta daude Erguingo eskolaren parean.